Koldo Carrillo- 2011/11/19
Toki oker edo deserosoagoetan egingo zituen Patxi Irurzun idazleak bere liburuen aurkezpenak… baina gaurkoan ez, gaurkoan Arrasateko gaztetxean izan da iruindarra, jende gazte eta ez hain gaztearen aurrean Dios nunca reza eta ¡Oh, Janis, mi dulce y sucia Janis! Memorias de una estrella porno (amateur) liburuak aurkezten, bere azken bi lanak. Hogei pertsona inguru interesez hurbildu dira gaztetxera eta autoreak, azalpenen bitartez, bi liburu hauek gerturatu dizkie irakurleei. Aurkezpen atsegina izan da, giro lasaian, eta azalpenekin lagunduta, ardoa eta jatekoa izan dira entzuleentzat.
Irurzunek aurkezpenaren hasieran azaldu moduan, “bi liburuak oso ezberdinak dira”, eta esaldi honen bitartez uler daiteke idazleak begiratu eta sentitzeko dauzkan modu ezberdinak. Samurtasunetik hasi eta pentsaera apurtzaileeneraino, horrela irudikatzen du Patxi Irurzunek bizitza, inguruan ikusten duena, egunerokotasuna… berba bat bera ere isildu barik.
Dios nunca reza liburua egunkari bat dugu, idazlearen bizitzaren tarte batean gertatu ziren aldakuntzen ondorioz, sentimenduak irakurlearekin banatzeko nahitik sortutako lana. Obra “mestizoa” da iruindarraren esanetan, izan ere, eguneroko bizitza arlo ezberdineko ideia eta gertaerek markatzen dute. Hala, familia, krisia, lana edo egungo egoera azaltzen ditu modu pertsonalean.
Bestelako lana dugu ¡Oh, Janis, mi dulce y sucia Janis! Memorias de una estrella porno (amateur) liburua. Autoreak adierazi duen moduan, La polla más grande del mundo liburua idatzi ostean, blog bat ireki zuen eta jende mordoaren bisitak jaso zituen honek, “gero jakingo nuen bisitari hauek masturbatzaile sutsuak zirela”, gaineratu du Irurzunek. Edonola ere, umorea eta pornografia nahasten direneko fikziozko pertsonaia asmatu zuen idazle iruindarrak, kasualitatez porno izar bihurtzen den Iruñeako zabor-biltzaile heavy bat, eta poliki-poliki, gustuz tiratu zuen haritik istorioa osatu arte. Nobela pornografiko honetan, sexua den modukoa azaltzen du Irurzunek eta “hizkuntza explizituan” idatzita dago. Dena dela ere, “itxuraz besterik ez da pornografikoa”. Gaineratu duenez, bidaiak, politika, umorea edo maitasuna agertzen dira liburu honen orrialdeetan barrena.